Barrenkale 15. Hor egongo gara, 49. Durangoko Azokaren erdi-erdian, gure lana autoproduzitu dugun 16 sortzaile AutoEkoizleen Plazan. Gune hau berrikuntza da aurtengo azokan, antolatzaileek (Gerediaga Elkartea) sortzaile autoeditatuoi eskainitako aukera paregabea. Kokapena oso ona da, areto nagusiaren ondoan, eta standa oso berezia, bai itxuragatik (beltza!) bai orientazioagatik (despistatuenak ere parez pare topatuko du).
Nik “131 AZA” liburua eta “11 Hizpilu” postal sorta eramango ditut, eta pare bat aurkezpen egingo dut. Bata, Areto nagusian, palindromo ariketen liburua zertan den azalduz (6an, larunbata, 16:30ean). Bestea, Kabi@ gunean, blogetik papererako crowdfunding-aren abentura kontatuz (6an, larunbata, 17:30ean). Sinatzeko eta jendea atenditzeko asmoa dut, eta nahiz eta uneoro standean izan ez, inguruan ibiliko naiz lau egun hauetan guztietan.
Gogoan dut, orain urte batzuk, postalak eta kamisetak saltzen ibili nintzela azoka egunetan, baina kalean. Oraingo aukera honekin, beraz, eskertuta eta gogo biziz nago. Ea ba elkar ikusten dugun palindromo artean.