Bi urteko hitzperientzia (eta hasi besterik ez dugu egin).

Bi urte dira blog honen abentura hasi zela, hitzjokoen eta, batez ere, palindromoen bideetatik.

Saiatu
naiz astero palindromo ariketa bat proposatzen eta, maiztasun aldaketak
gorabehera, hala izan da. Eta izango da, irudimenaren iturria agortzen
zaidan arte, edo erantzuteari uzten diozuen arte (horreur!).

Zorionak
guri, beraz, bi urte hauetan hitzperientzia honetan topo egin dugunoi.
Badakit erantzuten duzuenok baino batzuk gehiago bazaretela hor
kanpoan, espero dut aurrerantzean zuen ekarpenak ere jasotzea, direnak
direla.

Batzuk kalean esan didazuenez ariketak nola egin ez
omen dago oso argi, horregatik azalpen berri bat gehituko diet ariketen
mezuei, zenbakiak-eta nola ulertu eta abar. Argi faltagatik ez dadila
izan.

Milesker zuei, irakurle, idazle, ikasle, irakasle, tabernero eta berbajale oro. Hasi besterik ez dugu egin.

Uzta oparoa izan dezagun, eta bidea jostagarri.

Fibonacciren palindromoak

Palindromo ariketak prestatzen ari nintzela, ideia bat etorri zait.

Ariketetan palindromoa zenbakiz kodifikatzen dudanez, iruditu zait bilatu litekeela Fibonacciren segida jarraitzen duen adibide bat.

Fibonaccirena zenbaki zerrenda infinitoa da. Bere legea da, zenbaki bakoitzak aurreko bien batuketa izan behar duela.

Tira, 1 1 2 3 5 8 13 estrukturadun palindromoa topatzen eman dut arratsalde osoa.

Lehendabiziko zazpi zenbakiak hartu ditut, 21a eta ondorengoak baztertuz. Hamahiru letrako berbak topatzea nahikoa kostatu zait!

Hauek dira nire bi “fibonacci palindromoak”:

A! O! Bi “tak”! Ukook ukatiboa.

A! E! Zu! Lan oreka, Basilisa Bakeronaluzea.

(Ukatiboa, kasu gramatikal berri bat da eta Bakeronaluzea abizena oso ezaguna da palindromoen munduan, benetan ;)

palindromo ariketa (gurutzegrama)

Gurutzegramarekin ari da bat. Bi hitz besterik ez du falta osorik betetzeko, “R-ari dario (2)” eta “Labirintoaren sarrera (3)”.
Palindromoaren arabera, bat jakingo balu bestea ere jakingo luke:

6 “2”, 6 “3”.

(Zenbakiek adierazten dute, topatu beharreko palindromoa zenbat hitzek
osatzen duten eta hitz bakoitzak zenbat letra dituen.)