Palindromoa. Ezkerretik eskumara zein atzekoz aurrera berdin irakur daitekeen testua. Testu simetrikoa. Kapikua. Blog honetan palindromoaren beste bi sinonimo ere irakurriko dituzu: hizpilua eta aztihitza.
Palindromo adibide gisa: AZTIHITZA bera. H letrak simetria ardatzarena egiten du.
AMA. ENE. IRRI. OSO. ULU. Begibistako palindromoak dira. Hemen topatuko dituzunak elaborazio altuagokoak dira, anbizio literarioz konposatuak, baina hauek aurkitzeko lan pixka bat egin beharko duzu.
Proposatzen dizudan jokoak harrapatuko zaituela espero dut. Astelehenero palindromo ariketa bat igoko dut, eta igandean bistaratuko ditut jasotako erantzunak. Jokoa palindromo ezkutua topatzean datza.
Palindromo ariketan hiru parte daude:
a) Titulua. Zenbaitetan pista ere badena, eta batzuetan despiste.
b) Enuntziatua edo pista, bertsolerrotan emana. Noiz edo noiz negritan agertuko da enuntziatuko hitzen bat, hori pista extra da: topatu beharreko palindromoan hitza hala dago.
c) Zenbakiak. Topatu beharreko palindromoaren hitz bakoitzaren letra kopurua adierazten dute. Zenbakizko perpausak puntuazio markak ere baditu, palindromoaren marken adierazle. Ikus adibide batzuk:
Aza? → 3?
Afari-jana: jirafa → 5-4: 6
Adibidez, zedi bi da. → 8, 4 2 2.
“Korrok!” → “6!”
Demagun hurrengo palindromo ariketa:
Atzera joka
Atzerantz jota ere bakana da, ezta?
8 2 5, 4?
Ariketari ekiteko, lehendabizi, zenbakitan emandakoa marratxotan irudikatuko dugu, “hutsuneak bete”-ra letrekin jolastu ahal izateko.
Simetria ardatza kokatuko dugu ondoren, perpausaren zentruan (Ohartu letra kopuru bikoitietan ardatza erdiko bi letren artean dagoela, eta bakoitietan ardatza erdiko letra dela).
Ardatzak, asteriskoarekin markatuta adibidean, esango digu ezkerrean kokatu dugun letrak eskuman non behar duen, eta horrela.
Beraz, badugu nondik hasi: ezta?
Atze_ _ _ _ _ * _ _ _ _ _, ezta?
“Atzerantz jota ere bakana da” elementuen baliokideak aurkitu behar ditugu ondoren, beti ere kontutan izanda kokatzen dugun letra bakoitzak ardatzaren bestaldean bere isla behar duela.
Zer esanik ez dago hiztegiak eta internet lagun onak direla joko honetan. Euskalbar tresna gomendatzen dizut biziki.
Laguntzarekin edo gabe, ziur dagoeneko ebatzi duzula lehendabiziko palindromo ariketa hau.
Atzeraka be bakar, ezta?
Adi! Badira enuntziatuak non hitzez hitz palindromoaren sinonimoa ematen den, baina badira enuntziatu malguagoak ere, ohartuko zara.
Arkatza eta neuronak zorroztu, umorez hartu, pazientzia izan eta Ablanatanalba jainkoak lagun zaitzala bidean.